18.750 +8 Araba Market txeke jarriko dira salgai maiatzaren 16tik aurrera
2021eko Araba Market Bonu Programaren arrakastaren ondoren, deskontu-txekeen beste kanpaina bat bultzatuko dute Arabako Foru Aldundiak eta Vital Fundazioak, irudia berrituta.
Vital Fundazioaren Dendaraba Aretoan egin zen +8 txekea kontsumorako pizgarrien kanpaina aurkezteko ekitaldia. Axier Urresti Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboak, Itziar Gonzalo de Zuazo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak eta Joseba Fernández Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillako lehendakariak hartu zuten parte prentsaurrekoan.
Araba Market bonuek +8 txeke izena hartu dute, deskontu-txeke bakoitzaren irabaziaren mezu zuzenagoa helarazteko: bezeroek 12 € ordainduko dituzte eta 20 €-ko erosketa egin ahal izango dute. Halaber, 8 merkatuak aipatzen ditu: Aiarako, Añanako, Gorbeialdeko, Guardia-Arabako Errioxako, Arabako Lautadako, Arabako Mendialdeko, Gasteizko Landa Eremuko kuadrillak, eta Trebiñu, horiek parte hartzen baitute Araba Marketen.
Erosketetan %40ko deskontua Araba osora zabaltzeko helburuarekin, pertsona bakoitzak 10 +8 txeke eros ditzake gehienez, eta negozioek 188 deskontu-txeke dituzte trukatzeko. +8 txekeak online bakarrik salduko dira, maiatzaren 16tik aurrera, izanak amaitu arte. Araba Market deskontu-txekeak erosteko prozedura oso erraza da; webgune honen bidez soilik egiten da, eta laguntza-zerbitzu pertsonalizatua du.
2021ean 25.000 bonuen salmenta azkarrak izandako arrakastaz gain, Araba Market plataformak urtebete baino gutxiagoan hartu duen garrantzia ere utzi nahi izan zuten agerian erakundeetako ordezkariak, landa-eremuko Arabako negozio txikiei ikusgarritasun handiagoa emateko bide eta kontsumo arduratsuaren zein hurbiltasunaren aldeko sentsibilizazio-tresna gisa, landa-inguruneko Araba sustatzeko, ekintzailetzarako eta telelanerako helmuga ezin hobea baita. Kuadrillen inplikazioa ere azpimarratu zuten, eta, bereziki, haien garapen ekonomikorako teknikena, eta eskerrak eman zizkieten tresna digital hori ezagutarazteko eta landa-negozio txikien familia handi hori hazteko egindako lan handiagatik, funtsezko pieza baitira Arabako herrien biziraupenean eta bizi-kalitatean.