Haizea Gorbeiako artzainaren kontakizunak (4)
2022ko ekainaArabako perla beltz bikaina
Kaixo. Nire txakur lagun onenetako batek Beltza du izena. Txakurrak izan dezakeen ogibiderik atseginenetako bat du: altxor ezkutuen bilatzailea da.
Aurreko artikuluan, zuhaitzek eta onddoek elkarri laguntzen diotela azaldu nizuen. Bada.. bada kasu bereziki…..ummmmmm… Nola adieraziko nizueke zaunka? Miresgarria, kitzikagarria, liluragarria…. Bueno, ez dakit nola kalifikatu naturan barrena usaintzen dugunean boilurrek gure usaimen handiaren ateetan sortzen duten doinu usaintsua. Boilur beltza lurpeko onddo baten fruitua da, eta zenbait zuhaitzen sustraiei lotuta bizi da, batez ere arteei, baina baita haritzei eta erkametzei ere. Zuhaitzaren eta onddoaren artean sinbiosia ezartzen da sustraien artean, eta elikagaiak trukatzeaz gain, mesede egiten diote elkarri.
Nahiz eta garai batean Araban, beste lurralde pribilegiatu batzuetan bezala, zuhaitz batzuen azpian ezkutatuta zeuden onddo horiei ez zitzaien garrantzi handirik ematen, gaur egun jaki esklusibotzat hartzen da. Altxor ezkutu bat, «perla beltza» edo «diamante beltza» izenez bataiatu dutena, usain berdingabeagatik, zapore delikatuagatik eta urritasunagatik, baita prezio altuagatik ere. Boilur beltz onek baldintza klimatiko eta zoru baldintza oso zorrotzak eskatzen dituzte. Bestalde, lursail berriak landatzeak urteak eskatzen ditu.
Beltzak bere abenturak kontatzen dizkidanean, ezin ditut inbidia sanoa eta miresmena saihestu. Zer dibertigarria zaion arrastoari jarraitzea, zer zirrara eragiten dion altxor usaintsu hori aurkitzeak, eta, batez ere, bere lana laudatzen duenean jabearengandik laztanak eta mimoak jasotzeak ematen dion zorionak. Beltzaren esanetan, gure anai-arreba txerriek usaimen pribilegiatu eta aproposa dute lan horretarako, baina oso jatunak dira, eta izugarri gustatzen zaie jaki horren zapore mingotsari kosk egitea; horregatik, gizakiek nahiago dute txakurrak arduratzea zuhaitzen altxor ezkutuak deskubritzen gozatzeaz.
Gure lurraldean, 2006an sortu zen Arabako Trufaren Kooperatiba, bildutako boilurren kalitatea bermatzeko eta sektorea profesionalizatzeko. Arabako Trufaren Kooperatibaren helburuak onddo preziatu hori sustatzea, zabaltzea eta defendatzea dira. Produktu erabat naturala, ekologikoa eta paregabea da, txakurroi listua botarazten digu, eta gure txakur-sudurretan plazer zerutiarra eragiten digu. On egin!