Dibertsioa, zirrara eta natura
2023eko maiatzaHontza Extrem Abentura Parkea 5 hektareako abentura anitzeko parkea da eta Oletan dago. Bertan, bezeroek hango ingurune naturalaz gozatzen dute hainbat jardueraren bidez. Edozein adinetako parte hartzaileentzako esperientzia ezin hobea da, dibertimendua eta abentura uztartzen dituena, eta baita hezkuntza eta ikaskuntza ere, ingurune natural batean eta aire zabalean.
Horrelako negozioak garrantzitsuak dira Arabako landa-ingurunean. Besteak beste, turismoa eta garapen ekonomikoa bultzatzen dituzte, ingurune naturala kontserbatzen laguntzen dute eta jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzen dituzte.
Joseba Koldo Gartzia Hontza Extrem Abentura Parkearen jabeak kontatu digunez, urte askoz enpresa berean lanean aritu ondoren langabezian geratu zenean sortu zen ideia. Familiarekin Landetan oporretan zegoela, abentura parke batera joan ziren eta orduan erabaki zuen bere buruaren nagusi izateko unea iritsi zela, eta Olaetako ingurune naturalean antzeko proiektu bat sortzea erabaki zuen.
Era honetako jarduerak oso onuragarriak dira, ez soilik alderdi fisikoari dagokionez, baizik eta baita alderdi mentalari eta emozionalari dagokienez. Bezeroek, naturaz gozatzeaz gain, harekin kontaktua dute, abentura parkeaz gozatzen dute eta elkarri laguntzen diote oztopo txikiak gainditzeko. “Balio horiek partekatzeko ariketa bat da, talde-lanean aritzekoa, nork bere mugak gainditzekoa eta, jakina, dibertitzekoa eta ariketa fisiko pixka bat egitekoa”, dio negozioaren jabeak.
Josebak oso argi zuen inbertsioa bizi zen ingurunetik gertu egingo zuela. “Ez nituen egunero bi ordu eman nahi auto batean lanerako joan-etorrietan” argitu du ekintzaileak. Landa eremutik ekiteak hainbat arlotan mesede egin ziola ere adierazi du. “Udala txikia denez, irisgarritasuna askoz ere handiagoa da eta, ondorioz, epeak laburragoak dira; horri esker, parkea arrazoizko epeetan ireki ahal izan genuen”, erantsi du.
Joseba bezalako ekintzaileek gure herrietako kalitatezko turismoa sustatzen dute eta horien oparotasun ekonomikoa bermatzen dute, biztanleria iraunkorra finkatzen laguntzeaz gain. Josebaren arabera, bisitariak naturarekin harremanetan jartzen dira eta benetako jendearen benetako esperientziak ezagutzen dituzte. “Gero eta gehiagok esaten digute inbidia ematen diegula lan egiten dugun eta bizi garen ingurunea ikusita, eta asko pentsakor joaten dira, dena uztearen eta hutsetik hastearen ideiari hausnarka”, erantsi du.