Haizea Gorbeiako artzainaren kontakizunak (5)
2022ko irailaDirdira belarretan
Kaixo. Gorbeia mendiko belardietako goizeko paseoan, behorrak, ardiak eta behiak belarrez betetako itsaso batean bazkatzen ikusita, nire lagun Ondategiko mendetako haritzak kontatutako tribu amerindiar baten antzinako esaera zahar bat etorri zait gogora: "Lurra ez dugu gure arbasoengandik hartzen oinordetzan, gure seme-alabengandik hartzen dugu, maileguan".
Gaur, gure arraza autoktono bikainetako batzuei buruz hitz egin nahi dizuet, galtzeko arrisku larrian baitaude. Nire familiatik hasiko naiz.
Euskal artzain txakurra
Oraindik 1.000 kidera iristen ez bagara ere, eta, beraz, galtzeko arriskuan egon arren, pixkanaka berreskuratzen ari da gure arraza. Bi barietate ditugu: Iletsua, ile gogor eta ondulatua duena, eta Gorbeiakoa, ile gorrixkakoa; horregatik, “gorritxo” ere esaten digute. Gure arraza noizkoa den ez badakigu ere, K.a. XVI. mendeko margo batzuetan identifikatu gaituzte. Oso aktiboak, erneak, kuriosoak eta arduratsuak garela diote. Baita azkarrak garela eta oso azkar ikasten dugula ere, kar, kar.
Zaldiak
"Euskal Herriko Mendiko Zaldia" arraza Euskadin bizi ziren zaldietatik sortu zen, eta, beraz, berariaz egokituta daude gure landa-ingurunera. Basatienak lasai bizi dira Arabako mendietako belardietan. Beste batzuk, etxekotuagoak, gure herrietako belardi eta larreetan bizi dira urte osoan. Euren funtzio nagusiaz gain -haragia ekoiztea-, lan garrantzitsua egiten dute gure mendiak mantentzeko, sastraketatik libratuta suteak zabaltzea saihestuta.
Hainbat euskal kobazulotan daude 30.000 urte baino gehiago dituzten "Pottoka" arraza autoktonoaren labar-pinturak, hala nola Ekainen eta Santimamiñen. Poney itxura duenez, haurren gozamena eragiten du, zaldi gainean ibil baitaitezke gure herrietako etxalde eta landetxe batzuetan; gainera, bereziki egokiak dira zaldiketan hasteko. Historian zehar, hainbat funtzio bete ditu pottokak: zaldian ibiltzeko, ehizarako, gerrarako, gurdiari tira egiteko eta lan agronomoetarako erabili izan da; azkenaldian, belardiak eta mendiak garbi mantentzeko erabiltzeaz gain, zaldiketa jardueretan ikus daitezke. Ezaugarri horiek gorabehera, galtzeko arriskuan dago arraza hori ere, nahiz eta abeltzainen eta elkarteen bultzadari esker berreskuratzen ari den.
Terreña behia
Bi barietate bereizten dira: "Gorbeiako terreña behia" -txikiagoa da eta Gorbeia mendiaren inguruan dago-, eta "Gorobel mendilerroko terreña behia"; iraganean banatuago egon bazen ere, Arabako mendilerro horretara mugatzen da gaur egun. 60ko hamarkadara arte, Euskadiko umetarako behien erdiak Terreña arrazakoak zirela uste zen. Larreak mekanizatzeak eta beste inguruabar batzuek -bai esnegintzan bai haragi-ekoizpenean arraza espezializatuak sartzeak, besteak beste- arraza hori ordezkatzea ekarri zuen, eta 2000. urtean 225 erroldatu zituzten. Kontserbazio Programa bat eta Plan Estrategiko espezifiko bat abian jarri izanari esker, buelta eman ahal izan zaio gure lurretako bertako behi-arraza hori desagertzerekin mehatxatzen zuen joerari.
Desagertutako arraza autoktonoak
Zorte txarragoa izan du Gasteizko Patxoien txakur-arrazak, munduko ehiza-txakur zaharrenetakoak, iraungitzat jotzen baita, arabar sudurzabal arrazako txerriarekin ere gertatu bezala. Bere garai gorenak ia mende bat iraun zuen, 1850 eta 1960 artean. Urte haietan, arraza hori zen gehien eskatzen zena Arabako azoketan, urdaiaren kalitate eta kantitate bikainagatik. 1955ean, errolda ofizialak 86.000 ale zenbatu zituen. Baina elikadura-ohituren aldaketen eta haragi gihartsuagoen bilaketaren ondorioz, beste arraza batzuekin gurutzatu edo ordezkatu zuten, desagertu zen arte.
Iraunkortasuna eta erresilientzia
Gure biodibertsitatea zaintzeko ahalegina ez da administrazio publikoen eta inplikatutako sektoreen zeregin esklusiboa. Guztiok lagun dezakegu arriskuan dauden espezie autoktonoak berreskuratzen; izan ere, historian zehar funtsezko zeregina izan dute landa-bizimoduan, eta, gaur egun, funtsezko eragileak dira natura kontserbatzeko. Bertako eta hurbileko produktuak kontsumitzeak asko laguntzen du eman diguten natura ez galtzen.