Landatartasun berria
2022ko urtarrilaEkonomia klasikoaren formulazioaren arabera, landa-eremutik hiri-eremurako trantsizioa zen aurrerapena. Orain, aldatzen ari dira gauzak, eta hiri-ereduaren aurrean aurrera egiteko ezinbesteko alternatiba gisa agertzen da landatartasun berria deitu dena.
Gure gizarteak beste begi batzuekin begiratzen dio landa-inguruneari. Gasteiztik Arabako herrietarako migrazioak %30 pasatxo egin du gora 2021ean, 2019. urtearekin alderatuta. 1.400 pertsona inguru da hori, guztira.
Edo bestela esanda, lau hiritarrek egin dute alde, egunero, Arabako herri batera bizitzera. Kopurua apala bada ere, joera hori nabarmen handitzen ari dela ikus daiteke urte batzuetatik hona. Askoz ere sendoagoa da Arabako landa-inguruneak jasotzen duen bisita-kopurua.
Landa-inguruneko bizimoduak hiriko bizimoduaren alternatiba gisa duen haztapena honako arrazoi hauen ondorio da, besteak beste: ingurune osasungarri baten inguruko kezka, pandemiak eragindakoa; trantsizio ekologikoaren eta garapen iraunkorraren gaineko sentsibilizazio-maila handiagoa, klima-aldaketaren ondoriozkoa; elikagai fresko eta naturalen eskuragarritasuna; lurralde osoak dituen konektibitate teknologiko eta mugikortasun baldintzak; aisia-ohituretan izandako aldaketak, gero eta etxekoagoak eta bizitza digitalari lotuagoak, eta, azken batean, hiri-inguruneak eskaintzen duena baino bizimodu baketsuagoa eta naturatik hurbilagoa bilatzea.
Beste estatistika batzuen subjektu nagusiak emakumea eta landa-bizitza dira. Hain zuzen ere, gure lurraldean landa-inguruneak ematen duen bizi-kalitatea, naturarekiko bizikidetza edo lasaitasuna dira demografian adituak diren pertsonek aipatzen dituzten faktoreetako batzuk, Arabako emakumeek Estatu osoko bizi-itxaropen handiena edukitzearen arrazoia azaltzeko. Izan ere, ia 87 urte bizi dira batez beste.
Datu horien arabera, konfiantzaz gain bizitza- eta lan-proiektu bat garatzeko oso baldintza oso onak eskaintzen ditu Arabak, aparteko natura bati lotutako ingurune bizigarri batean, lurraldearen %57 Paisaia Bikain edo Berezi gisa katalogatuta baitago, eta euskal gastronomia ospetsuaren funtsezko osagai diren produktu autoktonoak baititu.
Arabako landatartasun berria sortzen ari den ereduan, ohiko nekazaritza eta abeltzaintza lanen osagarri diren jarduera ekonomiko berriak sartzen dira. Emakumeen inplikazioa funtsezkoa izaten ari da Arabako landa-nortasun berria eraikitzeko. Halaxe izan zen –eta, zoritxarrez, ez dago oso zabalduta– gure lurraldearen industrializazio-prozesu erabakigarrian ere, erlatiboki Estatuko industrializatuenean.
Araba Marketen inskribatutako negozioen artean, emakumeek gidatutako ekimen asko aurki daitezke askotariko jardueretan. Taxilariak, farmazialariak, artisauak, hezitzaileak, hotelariak, liburu-saltzaileak, osasun-arloko profesionalak, elikadura-saltokietako arduradunak, lorezaintzakoak, moda arlokoak, aisialdi-gune berritzaileen bultzatzaileak, produktu naturalen lerroak sortzen dituztenak, ile-apaintzaileak, okinak...
Barojak zioenez, denetik sartzen da eleberriaren zakuan. Era berean, uste dugu mota guztietako ekimenak egin daitezkeela, Araba landatarrean bizitza- eta lan-proiektu baten alde egiteko; izan ere, proiektu hori gauzatzeko ilusioak sortzen duen kemena da garrantzitsuena, funtsean.
Bizitza luzea eta izerdi berria gure Araba landatarrarentzat.