San Prudentzio Tarta
Poza, dantza, janaria, musika eta tradizioa da San Prudentzio. Aurten, gure herriko jaiak bereziak izatea nahi dugu. Horregatik, postre idealaren errezeta dakarkizugu: San Prudentzio tarta.
8 lagunentzako osagaiak
- 3 arrautza
- 150 g azukre
- 90 g gozogintzako irin
- 600 ml muntatzeko esne-gain
- 100 g postretarako txokolate
- 150 ml cava edo gustuko duzun likore
- Kakao-hautsa
- Gatza
Prestaketa
San Prudentzio tartarekin hasteko, tarta egiteko bizkotxoa prestatu behar da.
Hasteko, labea 180º C-tan berotzen jarri. Bitartean, nahasi 90 gramo azukre, 3 arrautzak eta gatz pixka bat hagaxka elektriko batzuekin, igotzen hasi arte. Hori gertatzen denean, gehitu irin bahetua espatula batekin, mugimendu inguratzaileak eginez, jaitsi ez dadin.
Ondoren, moldearen azpia laberako paperarekin forratu, orea bertan isuri eta labean sartu, 10-12 minutuz, 180º C-tan. Ateratakoan, ondo eginda dagoen egiaztatu behar da, zotz bat sartuta. Zotza garbi ateratzen bada, bizkotxoa prest dago. Ez badago, bi minutuko txandetan egiten jarraituko da, garbi atera arte. Bizkotxoa prest dagoenean, hozten utzi behar da eta, hotza dagoenean, erditik moztu, bi plaka biribil lortzeko.
Ondoren, harrotu esne-gaina eta esne-gain trufatua, betegarria egiteko. Lehenengorako, 550 ml esne-gain -nahiko hotza egotea komeni da- hagaxka elektriko batzuekin muntatuko ditugu. Ia muntatuta dagoenean, gehitu gainerako azukrea (60 gramo), eta irabiatu erabat muntatu arte.
Esne-gain trufatua prestatzeko, gainerako esne-gaina (50 ml) eta txokolatea behar dira. Esne-gaina irakiten jarri, eta txokolatea (100 gramo) zatitu eta nahastu, erabat urtu arte. Ondoren, hozten utzi behar da; gorde dugun esne-gain harrotuaren erdia bereizi eta mugimendu inguratzaileekin egin berri dugun nahasketa gehitzen zaio. Gero, berriro erreserbatzen da.
Muntatzeko, molde borobildu bat labeko paperarekin estali behar da berriro. Oinarrian, bizkotxo-plaketako bat jarri eta cavarekin edo gure gustuko likore pixka batekin ihinztatzen da. Ondoren, harrotutako esne-gaina zabaldu eta prozesua esne-gain trufatuarekin errepikatu.
Tarta prest dagoenean, hozkailuan hozten utzi edo izozkailuan sartu, ordu pare batez. Atera ondoren, bahetu kakao-hautsa gainetik eta prest! Gozatzera!
Ondo pasa San Prudentzio eguna eta on egin!